2. Hezkuntza
1. Arloa kopurutan
2012an 178 erreklamazio jaso dira hezkuntzaren arloan. Kexa hauen artean hezkuntza-premia bereziak edo ezgaitasunarengatik, jatorriagatik, etniagatik edo egoera sozio-ekonomikoagatik hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleekin edo tratu txar eta jazarpen egoerekin lotuta egoteagatik Haur eta Nerabeentzako Bulegoari esleitzen zaizkionak gaineratuta daude.
Honako hauek dira ukituriko administrazioak:
– Autonomia Erkidegoaren Administrazio Nagusia (Eusko Jaurlaritza).....137
– Toki administrazioa.....6
– UPV/EHU.....6
Ohikoa izaten den moduan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aurkeztutako kexa gehienak hartzen ditu. Hori dela-eta, eta batzuetan gorabehera puntualak egon arren (atzerapenak informazioaren bidalketan, etab.), sail horretako arduradunek erakundeari kexa moduan aztertzen ditugun gaiak behar bezala izapidetzeko eskaini dioten laguntza azpimarratu nahiko genuke datu positibo gisa.
Horien edukiari dagokionez, jasotako kexak honako gai hauei buruzkoak izan dira:
– Bekak eta bestelako laguntzak.....29
– Eskubideak eta betebeharrak.....22
– Ikasleen onarpena.....21
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....19
– Haur hezkuntza.....14
– Lanbide heziketa.....14
– Hizkuntzen irakaskuntza.....13
– Hezkuntzako plangintza/programazioa.....9
– Eskola-garraioa.....9
– Unibertsitateko irakaskuntza.....8
– Eskola-jantokia.....7
– Beste alderdi batzuk.....6
– Ikastetxeak-instalazioak.....3
– Ikastetxeak-antolaketa.....1
– Lehen hezkuntza.....1
– Irakaskuntza artistikoak.....1
– Hezkuntza-premia bereziak.....1
Oro har, aurreko ekitaldietako joera mantendu da eta kexa gehienek ikasleen onarpenari, eskubide eta betebeharrei eta beka eta bestelako laguntzei lotutako gaiak dituzte hizpide. Datu berritzat jo daiteke agian hizkuntzen irakaskuntzari eta lanbide heziketari buruzko kexak ugaritzea.
Urte honetan zehar kudeatu diren kexen izapide prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da 2012an jaso diren kexa guztiak, 2012ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak gaineratuta, txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
2. Kexarik aipagarrienak
Ikasleen onarpenari buruzko kexa kopurua aurreko urteetan aurkeztutakoen antzekoa da. Kexak eragin dituzten arrazoiak errepikatu egin dira. Hala, aurten berriz ere lekurik ez dagoenean aplikatzen diren onarpenerako lehentasunezko irizpideak zalantzan jarri dira –bereziki, familia unitatearen urteko errentaren irizpideari lotutakoa– eta berriro agerian jarri da erroldaren datuen gehiegizko erabilera.
Halaber, hezkuntza-administrazioak baimendutako ratioa berriro aintzat har dezan hizpide duten kexak jasotzen jarraitu dugu. Horri dagokionez, interesdunei jakinarazi diegu indarrean dauden ratioak gaindi daitezkeela, bakarrik, eta salbuespenez, ezarritako arrazoien ondotik, aurretik zentroen berariazko eskaera eginda, eta ratioa ehuneko hamar handitzeko egungo aurreikuspenak xede duela behin ikasturtea hasita eskolatu behar diren ikasleak eskolatzea.
Hori horrela, azpimarratu nahi dugu, gure iritziz, hezkuntza-administrazioak prozesuaren kudeaketa mekanizaturako bidea emango duen aplikazio informatikoaren xehetasunak argitaratu beharko lituzkeela, bereziki, bigarren eta hirugarren aukeren esleipenari buruzkoak.
Jakina den moduan, ohiko prozesu horretatik kanpo, ikasleen onarpena eskolatzeko lurralde batzordeen bidez kudeatzen da. Proposamenak aurkezterakoan, batzorde horiek, familiek adierazitako borondateaz gain, euskal hezkuntza-sisteman ahalik eta integraziorik normalizatuena jarraitu behar dute, zehazki honako irizpideen babesean: 1) zentroaren gertutasuna familia etxebizitzari dagokionez eta eskolan dagoeneko anai-arrebarik ote dagoen; 2) funts publikoekin mantendutako zentro guztien (publikoak eta itunduak) arteko oreka; 3) zentroetan dauden baliabide teknikoen eta giza baliabideen erabilera eraginkorra eta 4) zentroaren egokitasuna ikasleari hezkuntza-erantzuna emateko.
Joan den urtean, aipatu genuen izapidetutako kexa batzuen ondotik beldur ginela ea familien nahia behar bezala kontuan hartzen ari ote zen, adierazi baikenuen hainbat kasutan eskolatzeko proposamenak hizkuntza eredutik eta familiek eskatutako zentro motatik aldentzen zirela. Hori horrela, aurten are kezka handiagoaren isla agerian jarri behar dugu. Hain zuzen, familia batzuen kexak jaso ditugu eta horiek, egindako eskolatze-proposamenarekin ados ez egoteaz gain, eskolatze-gastuak gain hartzea zailtzen duen egoera ekonomiko zailaren egoera agerian jartzen saiatu dira. Ildo horretan, kexa horiek eskolatze-gastuen arteko desberdintasuna mahaigaineratzen dute, dela ikastetxe publikoa edo pribatu hitzartua, egoera hori alde batera utzi ezin dela argudiatzeko, hain zuzen, familien asmotik aldentzen diren eskolatze-proposamenak egiteko irizpideak ponderatzerakoan.
Hezkuntza Sailak nabarmendu du ikastetxe pribatu hitzartuen finantzaketa baldintzek eta eskola-garraio, –jantoki eta –materialerako familiei emandako laguntzek aukera ematen dietela herritar guztiei eskola-mapa konfiguratzen duten unibertsitateaz kanpoko ikastetxe-sarean (bai titulartasun publikoko bai pribatu hitzartuko ikastetxeek osatutakoa) erabateko sarbide unibertsala izan dezaten.
Halaber, ikastetxe aldaketa edo lekualdaketaren aukerari lotutako kexa nahikotxo izapidetu ditugu, ikasleak onartzeko ohiko prozesua alde batera utzita. Egoera horren ondotik egiaztatu ahal izan dugu bi arrazoi daudela aurretik eskatutako zentroan ikasturte batez egotetik salbuesten dutenak: ikaslearentzako arriskua edo pairamendua dakarten egoerak eta hezkuntza-ikuskapenaren txosten baten bitartez behar bezala egiaztatuta egon daitezela, eta adin oso goiztiarretan distantzia esanguratsuetara aldatzea dakarten bat-batean jazotako helbide aldaketak –azken egoera hori eguneratutako erroldaren egiaztagiriarekin froga daiteke–.
Gure ustez, beharrezkoa da zenbait adingaberen eskolatzerik ezaren egoerarekin amaitzen saiatu diren erabaki judizialen gainean jarraitu diren eskolatze aginduak jorratu dituzten hainbat kasu aipatzea. Halaber, erakunde honetara jo dute deseskolatzea eta eskola-absentismoa errotik kentzeko onartutako programa aplikatzeko moduaren aurka dauden hainbat familiak. Gure iritziz, kexa horiek guztiek agerian jartzen dute gizarte-izaerako demanda bat dagoela “etxeko hezkuntza” edo “homeschooling“ izenarekin ezagutzen den hezkuntza-aukeraren inguruan.
Beste kontu batzuk aintzat hartuz, esan behar dugu, oro har, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako datuek optimistak izateko bidea ematen digutela, hain zuzen, hezkuntza-eskaintzaren etengabeko hobekuntzarako ezarritako adierazleen betetzeari dagokionez. Hori bai zailtasunik handienek zero eta hiru urteko hasierako tartean egoten jarraitzen dute, batez ere, bi urteko gelen eskaintzan.
Horri dagokionez, urte horretan aurkeztutako kexa guztien artean Barakaldon dagoen herritarren demanda bideratzeko asmoz aurkeztutako kexa gailentzen da. Jakin dugun eskaera horrek ekimen garrantzitsuak eragin dituela, horien artean, udalbatzak 2011ko abenduaren 29an egindako ohiko bilkuran onartutako mozioa. Horren arabera, dagozkion aginduak eman daitezen eskatu da Barakaldo Haurreskolak Partzuergoan sar dadin. Hain zuzen ere, mozio hori ez betetzeak herritarren demandari funtsa ematen dio, kontuan hartuta une honetan zero eta bi urteko tarte horretarako programatutako hezkuntza-eskaintza zabal dadin eskatuz erakunde honetan kexa moduan aurkeztu dela. Euskadiko Eskola Kontseiluak aurkeztutako Txostena 2008-2010 urteetakoak Barakaldon jazotako plaza eskasiaren arazo partikularrak biltzen ditu.
Hezkuntza-plangintza edo –programazioaren alderdiei dagokienez, 2012. urtean hainbat ebazpen eman ditugu Iruarteta HLHIren hezkuntza-komunitateak hala eskatuta izapidetutako kexen ondotik. Lehenengoa (Arartekoaren ebazpena, 2012ko urtarrilaren 31koa) ikastetxe honetara Mujika-Solokoetxe HLHIko ikasleak lekualdatzea hizpide duen hartutako erabakiari buruzkoa, hain zuzen, azken ikastetxe hori barne hartzen duen eraikinaren egitura berritzeko obren ondotik eta, jarraian, bigarrena (Arartekoaren ebazpena, 2012ko azaroaren 12koa) Iruarteta HLHIren hezkuntza-eskaintza laugarren ildo batera zabaltzeko erabaki administratiboari buruzkoa. Bi ebazpenetan nahitaez aintzat hartu behar diren bi alderdi gailendu behar ditugu hezkuntza-programazioari edo –plangintzari lotutako hainbat kontu jorratzen direnean: alde batetik, egoeran sartuta dauden hezkuntza-agenteen parte-hartzea eta, bestetik, hartutako erabakien motibazio betea.
Hain zuzen, Irungo Elatzeta HLHIrako aurreikusitako hezkuntza-ibilbide berriari buruzko kexa bat izapidetzeak aukera eman digu egiaztatzeko hezkuntza-administrazioaren aldetik jarrera harkorra egon dela. Ildo horretan, interesdunei adierazi diegu oso positibotzat jo dugula Hezkuntza Sailak aintzat hartu izana familiek 2. zk.ko ibilbide hori prestatu eta indartzeaz arduratu den lantaldean (Hirubide BHI, Elatzeta HLHI eta Leka-enea HLHI zentroak barne hartzen ditu) zuzenean parte hartu izana.
Are gehiago, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak Hezkuntza Batzordearen aurrean Arabako eskola-maparen berri emateko egindako Legebiltzarreko agerraldi batean gailendu nahi izan du aipatu mapa plangintza demokratikoaren ondorioa dela, hezkuntza-komunitatearen ordezkari guztien partaidetzarekin, erakunde honek behin eta berriro errepikatu duen moduan.
Aurreko honi lotuta, onartu behar dugu Gasteiz hirirako mapa berri honetan ezarritako programazioak aukera eman duela joan den urteko (2011) txostenean jaso genuen egoera bideratzeko; bertan haur kopuru esanguratsua geratu zen plazarik gabe ikasleen onarpenerako prozesuan.
Sarreran adierazi dugu hizkuntzen irakaskuntzari eta lanbide heziketari buruzko kexak ugaritu egin direla. Gure iritziz, krisi ekonomikoaren egungo egoerak gazte askori bultzatzen die haien heziketa lan-merkatuan sartzen lagun diezaieketen ikasketa berriekin zabaldu eta osatu dezaten.
Lanbide heziketaren esparruan goi-mailako irakaskuntzen eskaintza handiagoa ez egotearen ondotik haserre dauden herritarren kexak jaso ditugu. Horrez gain, nabarmendu beharrekoak iruditzen zaizkigu zenbait interesdunek egindakoak, kontuan hartuta aldez aurretik euren aukeraren barruan dagoen familietako bati lotutako erdi-mailako ziklo bat gainditu ostean, probaren zati zehatza egitetik salbuetsita egongo zirela uste zutela. Haien matrikulak izapidetzerakoan horiek izapidetzeaz arduratzen ziren ikastetxeen akats baten ondotik, probaren emaitzak argitaratzerakoan, zati zehatzean kalifikatu gabeko hautagaitzat jo ziren. Dena den, azkenean, salatutako akatsak konpondu egin dira.
Hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez, azpimarratu behar dugu espediente kolektibo bat ireki dugula Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasleak onartzeko irizpideei buruzko hainbat kexaren ondotik. Kexa horiek ez datoz bat adinari buruzko atalean 2012ko apirilaren 20ko aginduaren bidez sartu eta berrogei urtetik gorako eskatzaileek puntuaziorik jaso ez dezaten beste adin tarte batzuetakoei ematen zaienean xedatzen duen baremazio berriarekin. Baremazio berri horren ondorioz, haien eskaerek ez zuten emaitzarik eduki haien interesekoak ziren matrikulazioak gauzatzerakoan. Araubide hori berria da eta 2012-2013 ikasturtean gaineratu dute, hau da, ez dator bat aurreko urteetan jasotako xedapenekin.
Gaiaren berri izateko Hezkuntza Sailaren lankidetza eskatu ondoren eta dagokion azterketa eginda, ondorioztatu genuen egindako aldaketak oinarria zuela eta arbitrariotzat jotzeko arrazoirik ez genuela. Horri dagokionez, hezkuntza-administrazioak haren zifra zehatzekin berretsi zuen irakaskuntza horien demanda nabarmen handitu dela eta, eskola-lanpostu gehiago sortzeko egindako ahaleginak bideratu arren, ezinezkoa dela eskaera guztiei erantzuna ematea. Horregatik, eskatzaile bakoitzaren eskubide onena antolatzeko baremoa artikulatzerakoan adin txikiagoko interesdunei lehentasuna ematea erabaki dute, ikasketa horiek gaindituta izateak lan-merkatuan sartzen lagun baitezake.
Kexa horien harira, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren onarpenaren berri eman nahi dugu. Horren bidez euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzen dira eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesten da (EHAA, 74. zk., apirilaren 16koa).
Halaber, berriz ere ikastetxe atzerritarretan euskara eta euskal literaturaren irakaskuntza ezartzearen ondotik sortutako arazoak mahaigaineratu behar ditugu. Tamalez, aipatu arazoek oraindik ere dihardute hainbat zentrotan, zehazki, San Bonifacio ikastetxe alemanean, eta arazook bideratzeko hezkuntza-administrazioaren jarrera erabakigarriagoaren falta sumatzen dugu.
Horrez gain, 2012. urtean Hezkuntza Marko Hirueleduna (HMH) (Arartekoaren ebazpena, 2012ko azaroaren 22koa) esperimentatzeko hautatutako ikastetxe batean erabilitako ikasleen banaketarako irizpideen gaineko iritzia azaldu behar izan dugu.
Egia da HMHren jardun esperimentalaren ezaugarri diren orientabide ireki eta malguek ikasleak taldekatzeko hainbat irizpide barne hartzen dituztela, ikastetxeei aitortu zaien antolakuntza-, pedagogia- eta kudeaketa-autonomia gauzatuz. Kexa eragin duen kasuan, aukeratutako sailkapena justifikatzeko argudiatu da baliabide gehiago esleitu dituztela taldeen artean zeuden desberdintasunak orekatzeko. Izan ere, ematen du taldeen ebaluazioaren emaitzek erabilitako estrategia bermatzen dutela. Edonola ere, emaitza horiek alde batera utzita, noiz nolakoak baitira, erakunde honen ustez, komenigarria litzateke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak azterketa sakonagoa egingo balu. Horrela, ondorioztatu ahalko da HMH esperientzian parte hartzeko baldintzak egokiak diren haien prestakuntza akademikoa hezkuntza hirueleduneko proiektu horrekin bat eginez jarraitu nahi duten ikasleen aukera berdintasuna bermatze aldera.
Ikastetxeei dagokienez, adieraziko dugu Txingudi-Irungo ikastola HLHIko eta Txingudi BHIko gurasoen elkarteak erakunde honen esku-hartzea eskatu dutela, zenbait helbururen artean, ikastetxe horien ohiko mantentzean tartean dauden hainbat administraziok eduki behar duten ardura-maila zehazteko. Jakin badakigu ikastetxe horiek –ikastolak eta eskola publikoa batzeko prozesuaren ondorioz irakaskuntzako sare publikoaren zati direnak– egoera berezia ari direla pairatzen. Izan ere, hezkuntza-egitasmoaren eta –plangintzaren ondorioetarako Irungo udalerrian bizi diren ikasleei erantzuna ematea aurreikusi bada ere, zentro horiek dituzten ondare ondasunak eta 2011ra arte eman ez zen titulartasuna Hondarribiko Udalari dagozkio. Bideratutako izapideetan Hondarribiko alkatetzaren jarrerak harritu gaitu, kategorikoa izan baita Txingudi ikastolako instalazioak barne hartzen dituen eraikinen sarbideak eta instalazioak mantentzeko baliabide ekonomiko gehiago ez emateko erabakiari dagokionez.
Garraio eta jantoki zerbitzu osagarriei dagokienez, joan den urtean adierazi genuen garraio eta jantoki zerbitzu osagarriak konfiguratzeko moduak gure esku-hartzea baztertzea eragin zuela, hain zuzen, eztabaidatik salbuetsi gabeko hainbat kasutan, kontuan hartuta kudeaketa zuzenaren jantoki zerbitzuaren baimenak berekin dakarrela eguerdiko eskola-garraioaren zerbitzua ukatzea. Halaxe jazo zen Duranako Ikasbidea Ikastola IPIren inguruan aurkeztutako kexarekin.
Horri dagokionez, 2012. urtean agerian jarri behar da Ikasbidea ikastolako autobusaren erabiltzaileen guraso elkarteak (TTIPI-TTAPA Ikasbidea elkartea) hilabeteak daramatzala haren eskaeretan aintzat hartzeko bide formal bat gaitzeko helburuaren inguruan lanean. Ildo horretan, erakunde honen bitartez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean mahaigaineratutako eskaera bat berariaz ebazten ahalegindu gara baina, saiakerak behin eta berriro egin arren, oraindik ez dugu aldeko emaitzarik lortu.
Halaber, eztabaida eragin du hezkuntza-administrazioak hartutako erabakiak, alegia, Ametzaga, Sarria eta Bitoriano herrietan bizi diren ikasleei ematen zitzaien eskola-garraioaren zerbitzua eteteari buruzkoak. Eskola-kontseiluetako hainbat ordezkarik, baita Arabako Zuia udalerriko ikastetxeetako gurasoen elkarteetakoek ere, gure bitartekaritza eskatu dute.
Jantoki zerbitzuari dagokionez, jankideek garraiorako eskubidea izan edo ez izatearen arabera ordaindu behar dituzten zenbait prezio zalantzan jartzen dituzten kexak gailendu behar ditugu.
Zerbitzu horren gaineko irizpideek xedatzen dute garraiorako eskubidea duen ikaslearen jantokiko kuota eskubide hori ez duenarena baino baxuagoa izan dadin. Azken horiek tratu desberdintasun horretaz kexu ziren eta, gure iritziz, ez dakar oinarririk gabeko bereizkeria, eskola-jantoki zerbitzua ezartzeko lehentasuna lotuta baitago eskola-garraiorako eskubidea duten ikasleak egoteari.
Hala, iruditzen zaigu kexa horiek agian agerian jartzen dituztela krisi ekonomikoaren ondorioak, beste ekitaldi batzuetan ez baitira mahaigaineratu, kontuan hartuta duela gutxi arte jantokirako eskubidea lortzeaz baino arduratzen ez ziren familiek orain prezio sistema zalantzan jarri dutela.
Horrez gain, azken urteotan familia batzuek behin eta berriro egindako bi eskaera jorratzen ari gara. Horietako bat, dieta begetarianorako aukera aitortzea, azkenean onartu egin dena. Hain zuzen, Administrazioen eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra. Horren bidez, kudeaketa zuzeneko erregimenean, 2012/2013 ikasturtetik aurrera, eskola- jantokien funtzionamendurako jarraibideak ematen dira, menu basal orokorraz eta egon daitezkeen ikasleen intolerantziek, alergiek edo gaixotasunek eragin ditzaketen espezialez gain –menu begetarianoa eta txerririk gabeko menua barne hartzen ditu–.
Azken hori, ordea, txerririk gabeko menua, hezkuntza-administrazioaren ustez arrazoi erlijiosoengatik dieta desberdina nahi duten familia horiei erantzuna eman nahi izatea, ez da nahikoa eta, horregatik, halal dieta izenekoa onar dadin eskatzen dute.
Eskaera hori, besteak beste, Euskadiko Kontseilu Islamikoak sinatu du eta haren eskaerak beste esparru batzuetara zabaltzen ditu, adibidez, arabiera eta Marokoko kultura irakastera bideratutako Espainia eta Maroko arteko programaren esparruan irakasleak kontratatzera.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, 2012. urtean osasun-arloko premia jakinei buruzko kexak (1 motako diabetes mellitus) izapidetzen jarraitu dugu eta eskola-orduetan eskaini beharreko osasun arreta bereziari buruzko zirkularra, 2005eko azaroan onartutakoa, gure jardueraren oinarritzat hartu dugu.
Halaber, 2012ko azaroaren 29ko Arartekoaren ebazpenean adierazitakoa gailendu behar dugu, hain zuzen, hezkuntza-premia bereziak dituen adingabe baten kasua (haren familia-etxebizitzatik gertu dagoen hitzartutako zentro batean matrikulatzea baimendu zaio eta hezkuntza-laguntzarako espezialista bat behar du).
Horrez gain, familia baten kexa ebazteko aukera izan dugu. Familia horrek haren semearen txosten psikopedagogikoak eskuratu nahi zituen, baita adingabeak, La Ola eskola itxi eta Berango-Merana HLHIko gela egonkor batean eskolatuta egon ostean, Getxoko Julio Caro Baroja BHIn egon eta gero, gelako arduradunaren, laguntzarako langileen eta garraio-arduradunen laguntzarekin lekualdatu zituzten egiaztatu ere.
Beste urtebetez, eragindako familia batzuek azpimarratu dute gaindohatzeko baldintza pertsonalei loturiko hezkuntza-premia bereziak dituzten eta arreta faltaren nahasmenduak dituzten ikasleei erantzun hobea ematen ahalegintzeko premia. Horri dagokionez, Eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko plan estrategikoa abian jartzeak xede hori lortzeko beharrezko estrategiak indartzeko aukera emango duelakoan gaude.
Halaber, Euskal Gorrak - Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak berriro ere entzumen ezgaitasunen bat duten ikasleen premien inguruko hainbat kexa helarazi dizkigu, bereziki, hizkuntzak eta lanbide heziketako ikasketa jakinak ikasten ari direnen aldetik.
Hain zuzen, eskaera mota horiek unibertsitateko aldia ere jorratu dute. Urte honetan ahalegindu gara Ezgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko zerbitzuak berriro aintzat har dezan bat-batean entzumen ezgaitasunak eragin dion Medikuntza Fakultateko ikasle bati laguntza emateko aukera. Hala, saiatu gara unibertsitateak estenotipia teknikak sartzeko aukera edo dauden laguntzarako langileei esleitu ohi zaizkien egitekoak zabaltzeko aukera baloratu ditzan. Unibertsitateak planteatutako proposamenak ukatu ditu gehiegizkotzat jo baititu. Tamalez, laguntza falta horren ondotik ikasleak, azkenean, medikuntzako ikasketekin jarraitzeko grina alde batera utzi du.
Azkenik, eskola-bizikidetzari dagokionez, gure jarduerak ikastetxe batean berdinen artean jazotako tratu txarren kasu bati lotutako jarduera amaitzen duen 2012ko martxoaren 27ko Arartekoaren ebazpena aipatuz laburtuko ditugu. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako 2. mailan ikasten zegoen bitartean berdinen arteko tratu txarren kasu batean egon zen gazte baten familiak erakunde honen esku-hartzea eskatu du, hezkuntzako agenteek egoera horren aurrean jardun zuten moduagatik. Erakunde honek positiboki baloratzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxeetan berdinen artean gertatzen diren tratu txarrekin lotutako episodio posible guztiak ahalik eta arintasun, eraginkortasun eta segurtasun handienaz jorratzeko egiten duen ahalegina. Horretarako neurria izan da, esate baterako, Ikastetxeetan berdinen arteko tratu txarrak gertatzen direnean jarduteko gida eta Eskolan ciberbullying-aren aurrean jarduteko protokoloa gida berriak onartu izana. Hala ere, kexa honetan aztertutako kasuaren errealitatearen ondorioz, berriz ere azpimarratu behar dugu jarduera burokratizatuak ekidin behar direla eta tratu txarren errealitatearen diagnostiko ona egiteko, biktimei laguntza, babesa eta segurtasuna emateko eta ukitutako familiekin konfiantzazko harremana eta komunikazio ona izateko helburu saihestezinak era arrakastatsuan bete eta aseko dituzten gida berri hauen aplikazio sistematiko eta eraginkorra sakondu behar dela.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2012. urtean Gasteiz hirian bi urteko geletan hezkuntza-plangintzan ezarritako adierazleen betetzearen jarraipena egiteko hasitako ofiziozko jarduera amaitu dugu. Ikastetxeen zuzendariak emandako erantzuna eta, bereziki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak 2012ko martxoaren 19ko saioan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izandako esku-hartzeak aukera eman du plaza eskaintza familien demandara egoki dadin hezkuntza-administrazioak egindako plangintzaren ahalegina berresteko. Hala, adierazi behar dugu 2012-2013 ikasturterako ikasleak onartzeko prozesua itxi egin dela eta ez dela aparteko kexarik erregistratu Gasteizen zabalkuntza eremu berrietan bi urteko plazen eskaintzaren inguruan.
Horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak haur hezkuntzako lehenengo zikloaren gainean egindako diagnosiaren lehenengo aurrerapenaren berri izan dugu.
Jakin badakigu, diagnosi horren esparruan, hezkuntza-ikuskapenak txosten bat egin duela hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeetako bi urteko geletarako langile laguntzaileei buruzkoa, eta honako alderdi hauek jorratzen dituela: (1) Bi urteko geletan Hezkuntza Sailekoak ez diren zenbat langile dauden; (2) eskaintzen dituzten zerbitzuaren modalitateak, kontratuen tipologia eta kontratatzen dituzten eragileak; (3) geletan langile horiek eman beharreko denbora –ordutegiak– eta esku-hartze motak; eta (4) familiek ordaindu beharreko kuotak.
Txosten hori egiterakoan sailak beharrezko esku-hartze ildoak zehazteko eta horretarako jarduera egutegi bat ezartzeko proposamenaren berri baino ez dugu izan. Hortaz, jarduera horrek eman ditzaken erantzunak ezagutzeko zain geratzen gara.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Urte honetan izapidetutako kexa kopurua aintzat hartuta adieraz dezakegu hezkuntzaren arloa, aurreko ekitaldietako joerarekin jarraituz, erakunde honen jarduera guztien artean zamarik handiena duen eremua dela.
Ikasleak onartzeko prozesuari buruzko kexak behin eta berriro egoteak eragiten du beste urtebetez indarrean egon dadila, gure ustez, erakunde honek hezkuntza-administrazioari mahaigaineratzen dion gomendioa, alegia, hezkuntza-administrazioak kontu handia izan behar du ikasleak onartzeko prozesuak kudeatzean, plaza nahikorik ez dagoen kasuetarako ezarritako lehentasunezko irizpideak erabat aplikatzen direla egiaztatuz eta beharrezkoak diren helburuetan –familiaren eta laneko beharrak bateratzea, adibidez– lagundu ezin duten beste horien aplikazioa berraztertuz edo berriz hausnartuz.
Hori horrela, azpimarratu nahi dugu lurralde batzordeak direnean eskolatze-proposamenak egiten dituztenak, hezkuntza-administrazioak bermatu beharko duela zentroetan finantzaketa baldintzek, baita eskola-garraio, –jantoki eta –materialerako familiei emandako laguntzek ere, bidea ematen dutela herritar guztiek unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-ikastetxe guztietarako sarbidea izan dezaten, adierazi den moduan, eta are gehiago une hauetan, hain zuzen, hainbat proposamenek dakartzaten eskolatze-gastuak gain hartzeko zenbait familiek zailtasun ekonomikoak dituztela esan dutenean.
Halaber, hezkuntza etxean ematea (homeschooling) erabaki duten familia batzuetan antzemandako ondorioak aipatu behar ditugu. Horri dagokionez, kezkatzen gaitu halako egoeren ondotik bideratutako eskolatze-aginduen behin-behineko ez betetzea tartean dauden adingabeen zaintza galdu edo kentzeko aukerarekin lotzeak.
Oro har, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eman dizkigun datuek aukera eman digute positibotzat jotzeko hezkuntza-eskaintzaren etengabeko hobekuntzarako ezarritako adierazleen betetzea. Dena den, zailtasunik handienek zero eta hiru urteko hasierako tartean egoten jarraitzen dute, batez ere, bi urteko gelen eskaintzan.
Lehenengo aldi horri dagokionez, Hezkuntza Sailak horren inguruan egindako diagnosiaren ziozko ondorioek, egungo eskaintza egokitzen laguntzeaz gain, estrategiak ezartzeko aukera emango dutelakoan gaude, hain zuzen, azken horiei jarraiki hezkuntza-aldi horretako hainbat kontu eztabaidagarri jorratzeko (adibidez, hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeetako bi urteko geletarako langile laguntzaileak egotea).
Edozelan ere, uste dugu beharrezkoa dela hezkuntza-arduradunek gain hartutako ildoa onartzea plangintza demokratikoa hezkuntza-komunitatearen ordezkari guztien partaidetzarekin ahalbidetu eta errazteko, nabarmendutako kexa batzuek agerian jartzen duten moduan. Arduradun berriek ildo horretatik jardungo dutelakoan gaude.
Krisi ekonomikoaren egungo egoeraren ondorioa da hizkuntzen eta lanbide heziketako ikasketen demanda handitu izana. Horregatik, Hezkuntza Saila animatu nahi dugu egungo eskaintza handitzeko bidea eman dezaketen aukera guztiak agortzen saia dadin eta, hala, goi-mailako ikasketetarako eta hizkuntzen prestakuntzarako sarbidea bidera dezan, gure gazteak lan-merkatuan sar daitezen errazteko.
Horrez gain, zerbitzu osagarrien konfigurazioan –adibidez, jantokia–, ahal den neurrian, familia erabiltzaileen artean geroz eta gehiago zabaldutako eskaera berriak aintzat har daitezen animatu nahi dugu –adibidez, halal dieta eskatzen duten horien kasua–.
2012. urtean Eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko plan estrategiakoa abian jarri dela ikusi dugu. Plan horretan, azken batean, ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea bermatzeko zenbait helburu, xede eta ekintza estrategiko ezartzen dira.
Plan horren ebaluazio eta jarraipenaren bitartez kexa batzuk eragin dituzten egoerak pairatzen dituzten ikasleei ematen zaien hezkuntza-erantzuna hobetzen lagunduko duelakoan dago erakunde hau –adibidez gaitasun benetan handiak dituzten ikasleen kasua, baita arreta faltaren nahasmenduak dituzten ikasleenak ere-.
Hori horrela, berriz ere, eskola-ordutegian zehar osasun-premia bereziei emandako erantzuna bizkortzeko premia azpimarratzen dugu.
Azkenik, eskola-bizikidetzari dagokionez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila berdinen artean gertatzen diren tratu txarrekin lotutako episodio posible guztiak ahalik eta arintasun, eraginkortasun eta segurtasun handienaz jorratzeko egiten ari den ahalegina positibotzat jotzen badugu ere, nabarmendu nahi dugu jarduera burokratizatuak saihestu behar direla eta tratu txarren errealitatearen diagnosi ona lortu, biktimei laguntza, babesa eta segurtasuna eman eta eragindako familiekin konfiantzazko komunikazio egokia izatea xede duten helburu saihestezinei behar bezala erantzuteko bidea emango duten gida berrien aplikazio sistematikoa eta eraginkorra sakondu behar dela.